Sufrimendua eragiteko soilik balio du Atzerritarren Legeak Imprimir
Domingo, 18 de Enero de 2009 11:04

BERRIA 06-12-19
Ehun etorkin inguru hil dira itota Senegalgo kostaldean
Etorkinen giza eskubideak bermatzeko eskatu diete agintariei Emigranteen Nazioarteko Egunean


Diego jauregi - Bizkaiko SOS Arrazakeriako kidea
«Sufrimendua eragiteko soilik balio du Atzerritarren Legeak»


 

BERRIA 06-12-19

Ehun etorkin inguru hil dira itota Senegalgo kostaldean

Etorkinen giza eskubideak bermatzeko eskatu diete agintariei Emigranteen Nazioarteko Egunean

arantxa elizegi

Emigranteen Nazioarteko Egunaren bezperan, herenegun, gutxienez 100 pertsona hil ziren itota Senegalgo kostaldean. Aurretik beste milakak egin zuten bezala, bizi baldintza hobeagoen bila zihoazen haiek ere Kanarietara, Europara bidean. Baina, lehenago beste ehunka laguni gertatu zitzaien bezala, heriotzarekin egin zuten topo.

Senegal hegoaldetik, Casamancetik, atera zirenean 127 pertsona ziren. Baina zorte txarra izan zuten. Eguraldi txarra zela eta, ontzia bitan irauli zitzaien, eta bidaiarietako asko itota hil ziren. Besteak, berriz, gosez eta egarriz. Bizirik ateratzea lortu zuten 25 etorkinak Saint-Louis (Senegal) hiritik gertu aurkitu zituzten arrantzaleek. Gehienek erietxean jarraitzen zuten atzo, nahiz eta haien osasun egoera larria izan ez. Haiek bezala, joan zen asteazkenean, Senegaldik abiatutako 30 pertsonako beste talde batek ere eten egin behar izan zuen bidaia Marokoko kostaldetik gertu, eguraldi txarraren ondorioz. Horiek, ordea, onik iritsi ziren lehorrera.

Kanarietako Gobernua, bestalde, kexu agertu da Marokok ez duelako bere esku dagoen guztia egiten «legez kanpoko» immigrazioa gelditzeko. «Marokok badu ontziak gelditzeko ahalmena. Baina horren lekuan arazoak sortzen dituzten adingabeak txalupetara igotzera bultzatzen dituzte, kalean hazi direlako eta gatazkatiak direlako», salatu du Kanarietako Gizarte eta Lan arloko aholkulari Marisa Zamorak. Haren arabera, gazte horiek arazoak sortzeko gogoz iristen dira uhartera, eta horrek okerragotu egiten du lehendik txarra zen egoera.

Espainiako Gobernuak Kanarietan duen ordezkari Jose Segurarentzat, berriz, mugetako kontrolak dira irtenbidea. Haren arabera, Espainiako Gobernuak ezin du ezer egin bidean hiltzen diren etorkinen heriotzak saihesteko, Espainiako eta Kanarietako kostaldetik urrun gertatzen direlako.

IMMIGRAZIOAREN BEHARRA. Immigrazioa segurtasun neurri gehiagorekin konpontzen saiatzea salatu du Sami Nair filosofo frantziarrak. Haren arabera, kontrol neurriak alferrekoak dira, etorkinen jatorrizko herrialdeen garapenaren alde ezer egin ezean: «Europaren hazkunde ekonomikoa immigrazioan oinarritzen da. Etorkinek gure ekonomia aberasten duten bezala, gure kultura aberastu dezaten egin behar dugu lan». Nairren iritziz, beharrezkoak dira etorkinen integrazioa bultzatuko duten neurriak. Horiek hala, txalotu egin zuen Espainiako Gobernuak immigranteak erregularizatzeko bultzatutako prozesuak, eta salatu egin zuen Europako beste herrialdeek erabaki hori kritikatu izana. «Atzerritarren legeak botoak lortzeko erabiltzen dituzte maiz, etorkinen eskubideak kontuan hartu gabe».

NBE Nazio Batuen Erakundeak, berriz, salatu du Langile Emigranteen Eskubideen Ituna hitzartu eta hamasei urtera soilik 34 herrialdek sinatu dutela. Horien artean etorkinen jatorrizko herrialdeak dira nagusi, besteak beste, Argentina, Txile, Kolonbia, Bolivia edo Uruguay. Testuak etorkinen oinarrizko eskubideak bermatzea du helburu. «Askotan immigranteek beren biziak arriskuan jartzen dituzte mugak igarotzerakoan», adierazi dute adituek. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi komisionatu Louis Arbourrek nabarmendu du etorkinez baliatzen diren giza trafikatzaile taldeak desegin behar direla, immigranteen eskubideak bermatuko badira.

Arrazakeria ere arazo bilakatzen ari dela ohartarazi du CEAR Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordeak. Erakundeko buru Ignacio Diazen arabera, azken urteetan ugaritu egin dira etorkinen kontrako erasoak Kanarietan.

 


 

Diego jauregi -

Bizkaiko SOS Arrazakeriako kidea

«Sufrimendua eragiteko soilik balio du Atzerritarren Legeak»

a. elizegi

Europako Batasunaren immigrazio politika «makabroa» da, Diego Jauregi SOS Arrazakeriako kidearen iritziz. Beldurra zabalduz, iritzi publikoa manipulatzea leporatzen die Europako agintariei, eta argi du hori aldatzeko era bakarra integrazioa bultzatzea dela.

Europako Batasuneko azken bileran «legez kanpoko» immigrazioaren kontrako neurriak hartu zituzten. Hori da irtenbidea?

EBk eta Espainiako Gobernuak immigrazioaren alorrean duten politika zentzugabea eta makabroa da. Herrialde aberatsek errealitatea ukatzen dute. Baina esaten dutena esaten dutela ere, jendea etorri egingo da. Kontua da baldintza okerragoetan etortzen dela, besteak beste, Europaren inguruko estatuekin immigrazioa zapaltzeko akordioak hitzartu dituztelako. Neurri horiek guztiek giza eskubideak urratzen dituzte.

Immigrazioaren fenomenoa ez da berria. Gizakiak beti jo izan du bere herrialdetik kanpora bizi baldintza hobeen bila. Zein da, beraz, arazoa?

Politikariek eta komunikabideek sinestarazi digute immigrazioa arazoa dela, baina ez da hala. Sinestarazi nahi digute jende olde handia datorrela, eta ez dagoela haientzako tokirik, baina hori ez egia. Egin behar duguna da jendea etorri egingo dela onartu, eta baldintzak hobetzeko ahal dugun guztia egin. Egin ezin dena da jendeari etortzea debekatu. Ezin ditugu horiek guztiak klandestinitatean eduki, gizartean integratzen lagundu behar diegu, eta horretarako lehen pausoa zailtasunik edo debekurik ez jartzea da. Egun, kalean ibiltzea eta lan egitea debekatzen diete eta gizartean beldurra zabaltzen dute agintariek.

Datozenei behar bezalako harrera egiteko gai da egungo gizartea, ala neurri berriak hartu behar dira?

Europako ateak irekita daude eta sarrera horiek gurutzatzeko era desberdinak daude: aireportuak, autoak edo itsasontziak. Gure buruari galdetu behar dioguna da zertarako balio duen Atzerritarren Legeak. Sufrimendu gehiago eragiteko eta bidaiak arriskutsuagoak bilakatzeko soilik balio du horrek. Immigraziorako baino gehiago, pobreziaren eta bazterketaren aurkako neurriak behar dira. Jendea klandestinitatetik aterako duen araudia behar da, hori delako integrazioa oztopatzen duena.

Europako agintariek maiz salatzen dute giza trafikatzaileak etorkinez baliatzen direla, eta engainatuta ekartzen dituztela Europara.

Ez dut uste horrek errealitatea islatzen duenik. Badaude immigrazioaz bizi diren gaizkile taldeak, baina immigrazioa ez da horien ondorioa, munduan dauden desberdintasunena baizik. Egoera txarrean bizi den jende horren zati txiki batek emigratzea erabakitzen du baldintza hobeagoen bila. Gizakiak beti egin izan du hori. Gaizkiletzat hartzen ditugun horiek etorkinari bidaia errazten dioten pertsona edo erakundeak dira maiz. Horri Europan bidaia agentzia deitzen zaio. Baina bidaia bera debekatua dagoenez, erakunde horri gaizkile taldea deitzen diote. Gertatzen dena da, pertsona horrek bidaia oso baldintza arriskutsuetan egin behar duela, edo beste egoera batean onartuko ez lukeen lana onartu behar duela, gobernuek beste aukerarik uzten ez diotelako.

Beraz, legeak berak sortzen du arazoa.

Bai. Legea esplotazio-haztegia da. Jende hori oso ahula denez, eskaintzen dieten lehen gauza onartu behar dute normalean, ez bakarrik lan arloan, baita etxea aurkitzeko garaian ere. Horretaz gain, zenbait politikariren eta komunikabideren jarrerak arrazakeria ere bultzatzen du. Legea bera da esplotazioa eragiten duena. Lotsagarria da, esaterako, Errumaniako eta Bulgariako herritarrek Europan aske ibili ezin izana, eta aldiz, haien buruzagiek askatasun osoa izatea. Asteburu honetan itsasoan desagertu diren 100 etorkinen kasua da salatu behar dena.

 


 

EsPLoTazIoa

Akusatua aske. Errumaniako etorkin talde bat esplotatzea leporatzen diote Huelvako (Espainia) 72 urteko C.U.V.ri. Baina adinekoa dela argudiatuz, behin-behingoz aske uztea erabaki du epaileak. Etorkinak akusatuaren etxean bizi ziren edateko urik eta argindarrik gabe.

 


 

© berria.info