Aurreiritzi xenofoboak krisi garaian Inprimatu
2009/12/18

Gara-n argitaratutako artikulua irakurri

Aurreiritzi xenofoboak krisi garaian

Beldurra askea da eta ezinegona murrizteko balio duten aurreiritziak garatzen laguntzen du. Hori bai, prezio bat ordaindu beharra dago: gure burua mugatu eta errealitatea era egokian aztertzea oztopatu. Ikuspegiren azken txostenaren esanetan Euskal Komunitate Erkidekogoko biztanleriaren erdia etorkinen etorrerak ongizatean kalteak ekarriko dituelaren beldur dira. Etor berriek gizarte zerbitzuak gehiegi erabiltzen dituztelaren aurreiritzian oinarritzen da beldur hori.
Baina aurreiritzi hori erraz kolokan jarri daiteke.

Bakeaz-ek 2008an argitaratutako ikerketa baten datuen arabera, etorkinek euskal herritarrek baino %23,5a gehiago ematen dute ekonomiari (langile aktiboen ehuneko altuagoa dutelako) eta euren gastu soziala, aldiz, ehunekotan dagokiena besterik ez da (%4a txostena egindako urtean). Egia da oinarrizko errenta neurri altuan eskatzen dutela (batazbestez gehiago direlako bazterkeria egoeran daudenak) baina beste laguntza asko ez dituzte eskatzen, esaterako menpekotasunari lotutakoak. Hainbat txostenek etorkinak bertokoak baino askoz gutxiago joaten direla medikura azpimarratzen dute. Datu horrek ez gaitu lasaitu behar (nahiz eta beste aurreiritzi bat bertan behera utzi) baizik eta kezkatu, etorkinek osasun zerbitzuak erabiltzeko daukaten eskubidea burutzeko zailtasunak dituztela agerian uzten baitu. 


Beraz, biztanleriaren erdiaren aurreiritzia ez dator errealitatearekin bat. Baina beldur irrazionalak baino, arriskutsua dena zera da: erakundeen babesa jasotzen dutela. Euskal eta espainiar gobernuek zifra horiek ezagutzen dituzte, baina aipatu eta erreakzio xenofoboak saihestu ordez, burutapen distortsionatuez baliatzen dira. 

Corbacho ministroak legealdi osoa darama etorkinei zuzendutako politikak krisiaren kontrako neurriak balira bezala aurkezten. Atzerritartasun Legearen erreforma garatu da immigrazioa testuinguru ekonomiko berrira moldatu behar delaren argudiopean, enplegua lortzeko orduan lehentasun nazionala defendatzen. Hau da, ministroak berak “etorkinek lana lapurtzen digute” eta “espainolak lehenengo” bezalako ideia xenofoboak sustatzen ditu.

Era berean, Eusko Jaurlaritza oinarrizko errenta jasotzea  mugatuko duen dekretua prestatzen ari da. Dekretu hau euskaldun guztion kalterako bada ere, “etxe-paterak eta errolda-ziurtagiri faltsuak” ekiditeko sortua dela aurkezten digute; irudi kolektiboan immigrazioari lotuta dauden bi kontzeptuak, alegia. Hau da, datu objetiboetan oinarritutako azterketa egin beharrean, euskaldun berri hauek estigmatizatzen dituzten irudiak indartzen dira. Argudio honen zentzugabekeria agerian dago, oinarrizko errenta jasotzerik ez duenak jende gehiagorekin pisua hartu beharko baitu.

Beraz, kezkagarriena ez da jendeak hainbat beldur izatea, baizik eta politikariek beldur horiek neurri populistak erabiliz bideratzen dituztela, hala arrazakeri soziala legitimatuz. Politikari berberek, ordea, inolako lotsa barik, Etorkinen Nazioarteko Eguna dela eta kanpaina hunkigarriak sinatzen dituzte kulturartekotasuna eta aniztasuna goraipatzen.
Behin eta berriz, erantzukizun politikoa eskatzen dugu eta, batez ere, jendarteari zera gogoratzen diogu: xenofobia guztion kalterako dela, langileria zatitzen baitu eta gure arreta zentratu krisiaren benetako arrazoiak, erantzuleak eta irtenbide posibleak oharkabean pasa daitezen.

June Fernández, Bizkaiko SOS Arrazakeriako kidea